XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(Gazteek oso izen arraroak dituzte gaur egun).

Beraz, gaztea zen.

Gazteagoa.

Zure mototsean erreparatu besterik ez zegoen.

Hasieran jolas bat bezala hartu zenuen.

Deitu egiten zizun edozein aitzakiarekin.

Zuri grazia egiten zizun.

Behin, dozena erdi bat liburu hartuta, etxean azaldu zitzaizun arte.

Ikasi egin nahi zuen eta bere etxean ez zegoen modurik.

Amak egun osoa telefonoz hizketan pasatzen zuen.

Eta zuk pasatzeko esan zenion.

Ikasten ari zen, beraz.

Asko ikasi zuen lehendabiziko egun hartan.

Beraz, zuk asko erakutsiko zenion.

Sekula baino gazteago sentitzen zinen.

Ahaztuta zenuen zer sentitzen den espero gabeko maitasun gutun bat jasotakoan, kalean ezagunen batekin topo egiteko beldurraren aurrean edo dei baten zain eguna telefonoaren ondoan pasatzean.

Ahaztuta zeneukan zineman azkeneko ilaran eseri, eta eskutik helduta egote hutsak, parekoari begietatik miresmena dariola ikusteak, edo egunen batean ez nauzu maiteko esanez gero malkoak isurtzen dituela konturatzeak eragiten duen poza.

Eta sentitzen zenuen, baina joan beharra zeneukan.

Futbol entrenamentuaren ordua zuen zoragarriak eta egun biz behin huts egiten zuen zurekin egoteagatik.

Entrenatzailea dezente moskeatu zen (...)